ZirIKTeroak

IKTero saltsero eta zirikateroen taldea

Atzo Atoanen Astillero blogeko Carlos Alonsoren mezu baten aipamena egin nuen: Primeros pasos con Yomemicontigo. Lola Torresen blogaren bidez heldu nintzen horra. Lola eta Carlos gaztelania ikasleentzako sare sozial moduko bat sortu guran dabiltzan, Yomemicontigo du izena proiektuak. Mezuan Carlosek proiekturako zein CMS aukeratu duten azaldu eta arrazoitu du. Drupal aukeratu dute hain zuzen ere, Elgg, Moodle eta Dolphin baztertuta.
Nire aipamenaren ondoren Jolausek iruzkin interesgarria egin du eta nik erantzun egin diot. Eztabaida hori ZirIKTeroak honetara ekartzea interesgarria iruditu zait. Hemen zabiltzatenon iritziak eta ikuspuntuak jasotzeko gutxi hitz egiten den gai baten inguruan: sareko softwarea eta CMSen aukeraketa, bakoitzaren ongaitzak eta abar.
Jolausen iruzkina eta neurea kopiatuko ditut hona:
Hemen Jolausena:

Dolphin ez dut ezagutzen, beraz, ezer gutxi esan dezaket. bat nator Moodle-en inguruan dioenarekin. Geroz eta zalantza gehiago sortzen ari zaizkit Moodle-en erabileraren inguruan (nola azaldu kezka hauek Moodlezale amorratuak ditudanean nire inguruan? ;-). Ez ditut ikusten, ordea, Elgg-en inguruan berak azaltzen dituen arazoak. Garatzaile eta kode mailan aplikazio bizia eta nahiko erabilerraza dela esango nuke; eta jarduerak diseinatzeko aukerarik ez duela garbi dago baina Elgg ez da horretarako bereziki sortu den tresna bat.
Drupal (Moodle-en antzera) aplikazio sendoa da eta funtzio erantsiak eskaintzen dioten modulu zerrenda luzeak ditu aukeran baina horrek berak aplikazioaren diseinua, egituraketa eta mantenua nahiko konplikatuak bihurtzen ditu. Ziur aski Drupal sare sozial bezala konfiguratzeko aukera egongo da baina ez dakit eskatzen duen lanak justifikatzen ote duen bere erabilera.
Ni ere aurtengo ikasturterako antzeko zerbait egin nahi dut nire ikasleekin. Gai berria tokatu zait (Mundu Garaikiderako Zientziak) eta aukera polita daukat bide berriak erabiltzen hasteko. Egin dudan planteamenduan hiru aplikazio ezberdinen erabilera planteatzen ditut, hasiera batean: Ning sarea, Google Sites ekoizpen tresna moduan eta gelako bloga iritzi artikuluak biltzeko.
Tartetxo bat hartzen dudanean (geroz eta zailagoa gertatzen ari den zerbait, portzierto) emango dut honen berri.


Hemen nirea:

Aintzat hartu behar da mezu horren kontestua. Hizkuntza ikasleentzako sare soziala eratu nahi dute Yomemicontigo horrekin, aplikatu nahi duten eredua ez da online ikastaro klasiko batena, ezta ikastaroak sortzearena ere, horregatik baztertu dute Moodle gehien bat. Elgg-ek ere ez ditu euren behar izan guztiak asebetetzen, eta Drupal da aukera egokiena haien ustez.

Baina kontuan hartu proietu horren atzetik programatzailea (mezua idatzi duena) dagoela, horrek zailtasun teknikoak nahikoa leuntzen ditu neurri batean. Eta proiektuan Lola Torres ere badabil, hizkuntzen i(ra)kaskuntza eta teknologiaren aplikazioan ikusmolde berritzaileen aztertzaile bizia. Beraz, seguruenik asmoa eta partaideen konbinazio horren ingurumarian azaldu behar da aukera hori, hau da, ezin dugu hau hartu konparatiba absolutu bezala. Beste proiektu edo partaide batzuekin aukerak desberdinak izango dira seguru aski. Kontua beti ahalik eta aukera gehien zabalik edukitzea da nire ustez, ez tresna perfektua bilatu eta hura jainkotzea.


Zer diozue?

Etiketak: cms, drupal, moodle, plataformak, sarea, software

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Bada, nik probatu ditudan guztietatik, Wordpress aukeratzen dut.

Nire iritziz, sistemarik malguena, biziena eta errazena da. Era guztietako pluginak eta diseinuak sortzen dituen komunitate bat dago bere atzean eta atzo ikusi eta frogatu nuen beta fasean dagoen plugin hau ikusita, are garbiago daukat.

Wordpress-ek duen potentzialitate guztiari Sare Soziala eratzeko plugin horrek ematen dion ahalmena gehitzen badiogu, aintzat hartu beharreko aukera dela pentsatzen dut, berdin hizkuntzen lanketarako nola edozein proiektuko kideak elkarreragiten jartzeko.

Erantzun honi

Esatera noana txotxolokeria galanta da baina aukeraketaren gakoa non dagoen garbi dagoela uste dut nik: (1)tresnak ondo ezagutu, (2)gure berriak definitu eta (3)daukagun gaitasun teknikoarekin noraino heldu gaitezkeen baloratu

  1. Lehenengo puntu klabea da. Tresnak erabiltzen ikasten dugu mila ikastaro eginez baina askotan ez daukagu garbi zein izan daitekeen tresnaren erabilpen egokiena. Blogekin, adibidez, horixe gertatu zitzaigun guri. Hasieran denetarako erabiltzen hasi ginen bloga; tresna erraza zenez gelan egiten genituen mota guztietako jarduerak blog bitartez egitera pasa ginen. Nik neuk nire fisikako apunte guztiak blog batean bildu nituen baina denborarekin konturatu naiz ez dela hori edukiak sarean ipintzeko tresnarik egokiena. Arlo honetan IKT dinamizatzailearen lana ezinbestekoa dela iruditzen zait; etengabe sortzen ari diren tresnak probatu, erabili eta ezagutu behar ditu irakasleei euren erabilera posibleak zeintzuk izan daitezkeen jabearazteko.
  2. Zer lortu nahi dugun, zein helbururekin jarri nahi dugun tresna bat ondo definitu behar dugu. Hortxe dago irakaslearen zeregin nagusietako bat. Zer da ohiko baliabideekin lortzen ez duzuna eta tresna berriekin konpontzeko aukera edukiko duzuna? Hori zehazten ez badugu, probatu bai baina tresnari bere benetako etekina ez diogu aterako eta noski ez gara izango gai gure irakasle zereginean hobetzeko. Blog bat erabiltzen baduzu gelako powerpoint baten moduan, powerpoint-arekin lortuko duzunaren antzekoa jasoko duzu.
  3. Zure ikastolak gaitasun tekniko handia duen norbait badaukazu eta funtzionario izpiritu gutxi ;-) nahi duzun CMS a erabili ahal dezakezu zure beharretara egokituta. Wordpress bat ikastaroak prestatzeko (kalifikazioak kudeatzeko pluginak eta guzti daude), Moodle bat sare sozial moduan (komunikazioa, profilen partekatzea... ahalbidetzen duten modulu mordoa dago), Drupal bat blog moduan... edo nahi duzuna. Tresna hauek guztiak irekiak izanik, ikaragarria da euren funtzioak zabaltzeko topa daitezkeen gehigarri, plugin edo modulu kopurua. Non dago muga? Noraino konplikatu nahi duzun zure lana aplikazio bakoitza "tuneatzen",

Erantzun honi

Konforme nago zurekin gehien-gehienean. Bada gainera gauza bat zurean bereziki interesgarria iruditu zaidana: IKT dinamizatzailaren figura. Irakasle bati software aukera egokiena prestatzea, oraingoz behintzat, ez da seguruenik %100ean helburu lorgarria une honetan. Akaso esaten duzunetik figura berri baten beharra dagoela pentsa daiteke, teknologiara hurbiltzen eta hura aplikatzen laguntzen duen figura. Seguruenik praktikan jende asko dabil funtzio hau betetzen baina nik neuk buelta pare bat emango nioke. Gainera, figura horrek irakaslea izan behar du?
Bestalde, uste dut hemen goian aipatu ditugun saltsetan sartuta, ailegatzen dela une bat non konplexutasun teknikoak irakasle edo dinamizatzaile aurreratuena ere gainditzen duen, eta akaso beste figura batzuen beharrean sentitu gaitezke, kasu honetan ez figura berria, baina bai beti hor egon direnak: programatzaileak, web diseinugileak, sistema-analistak... Esan nahi dut bricolage informatikoarekin benetan urrun heldu daitekeela, baina mugaren bat aurkituko duzu beti, denborarena baino ez bada ere.

Erantzun honi

Dinamizatzaile lanetan hasi nintzenean nire buruari ezarri nion eginkizunetako bat teknologia berrien identifikazioa eta hauen aplikazioa irakaskuntzan izan zen. Horrelaxe jaio zen, adibidez, gure bloga. Blogen berri izan bezain pronto probatzen hasi nintzen; ez dakit zenbat blog jarri nituen martxan plataforma desberdinetan, karrokara bat. Irakaskuntzan erabiltzeko tresna paregabea zela pentsatu nuen eta horrela zabaldu genuen tresna hau gure ikastolan. Une horretan gertatu zen web2.0ren "boom"a eta ordutik hona etengabe aritu naiz tresna berriak identifikatzen, probatzen eta euren aplikazioa gela barruan aztertzen.

Benetan lan alua da hau, kanpotik inork ikusten ez duena, antzematen ez dena eta asko erretzen duena. Ekipoak konpontzen, aplikazioak instalatzen... denbora asko joaten zaigu baina gutxienez inguruko kideek zerbaitetan pasatzen dugula denbora ikusten dute. Inork ez daki, ordea, zenbat denbora pasatzen duzun aplikazio berriekin esperimentatzen; alderdi horretatik nahiko lan eskergaitza da. Baina duda izpirik gabe esango nuke lan hori ezinbestekoa dela, izan ere, bide horretatik etortzen ari berrikuntza handienak gure ikastolara, bai arlo pedagogikoari begira, bai barne antolaketa baita administrazio mailan.

Eta bricolage informatikoari buruz, nik ere zuk diozuna pentsatu izan dut askotan. Oraintxe ari gara, adibidez, web diseinatzaile bat bilatzeko asmotan ikastolan erabiltzen ditugun web aplikazio guztiei itxura korporatibo txukun bat emateko. Mikelek berak egin zezakeen lan hori (gustukoak ditu gainera kontu horiek) baina iruditzen zait gure ikastolarako luxo handia dela Mikelen lanaldiaren zati handi bat horrelakoetara dedikatzea eta ez berrikuntza pedagogikoarekin lotutako zereginetara, adibidez. Dena den, azken urteotako joera aplikazioak sinplifikatzearen aldekoa da, zorionez (Wordpress berak asko hobeto arlo honetan adibidez; WordpressMU zer esanik ez!). Momentu aproposa da oraingoa, saltsa handiegitan sartu gabe gauza politak egin daitezkeela, gure lankideei transmititzeko. Ea "informatika zaila da" edota "informatika dakitenentzat" esaldiak alde batera uztea lortzen dugun.

PS: sekulako kapazitatea daukat, horrelako eztabaida harietan, jatorrizko gaitik alde egin eta zerikusia ez duten beste gauza mordo baten inguruan aritzeko. Enee!

Erantzun honi

Nola enroilatzen zareten. Zer nolako tekla jarioa duzuen!

Orokorki ados nago zuek esandakoarekin, batez ere teknologiak detektatzearen garrantzia aipatzerakoan eta hauek gure inguruneko beharretara egokitu edo zabaltzeko egin behar dugun lana azpimarratzean.

CMS-etan Joomla gustatzen zait niri, aztertzeko denbora izan dudanean erraza ikusi dut, orain, momentu bat ailegatzen da laguntza beharrean zaudela, nire kasuan diseinu aldetik zerbait txukuna egin nahi izan dudanean.

Nik uste dut gure profila oso zabala izan daitekeela baina gure lana ez da diseinatzailearena, ezta digibrikolage kontuetan ibiltzea (nik gelako arbelak jartzeko gurasoen laguntza eskatzen dut normalean ;-)).

Dreamweaver erabiliz hainbat gune dinamiko kudeatu eta gero, web orrialde ugari sortu ondoren, ondorio batera ailegatu naiz: IKTetan gauza sinpleak maite ditut. Denbora gutxitan asko ematen digutenak. Bizitza errazten digutenak. Dinamizatzaile batzuek flash-ak sortzeko edo css-ekin borrokatzeko duten zaletasuna edo trebetasuna goresten dut. Baina ez da berez gure lana eta ez genuke hortan denbora gehiegi galdu behar.

Argudio gehiago ditut, eztabaida sortzen bada botako ditut aurrerago.

Erantzun honi

Anibal de la Torrek euren zentroko webgunea nola aldatu duten azaldu zuen duela hilabete inguru. Gaur irakurri dut eta eztabaida honekin akordatu naiz. Kontrapuntua-edo. Irakurri:
Nueva etapa Web de mi Centro

Erantzun honi

Horixe da guk ere gure ikastolako webarekin egin duguna. Aurretik genuen mamotreto handiaa mugitzea laan handia izateaz gain, oso aukera gutxi mantentzen ziren bizirik. Oraingoa, berriz, Wordpress-en oinarrituta dago. Gure irakasle ia guztiek egin dituzte barne formazio saioak, beraz, denek dakite modu batean edo bestean ikastolako web orria edukiz hornitzen.

Webgunea oraindik Beta fasean dago :D. Diseinuan eta beste hainbat gauzetan hobekuntza bat erantsi beharrean gaude baina dagoeneko hasi da forma hartzen.

Erantzun honi

Hitzik gabe uzten nauzue beti zuen eztabaida hauekin! Ikaragarri dakizue, bai pedagogiaz eta bai teknikaz, eta zaila da ekarpen interesgarririk egitea maila honetan!

Iruditzen zait beste planeta batean bizi naizela. Badakizue ni moodleezosoweb2.0-ko formatzaile naizela EHUn eta askotan, nahikoa lan izaten dugu gure tailerretara datozenei fitxategiak konprimitzen irakasten. Ikasleei ikasten lagundu behar zaiela esateak ere polemika pizten du gure saioetan (pedagogia hitza ia tabu da), eta sareetan lan egitea proposatuz gero... Ikasle batzuek ere oraindik galdetu zidaten aurrekoan klasean "ea zertarako erabili behar genuen internet hori irakasgaian", "internet hori" beraiekin zerikusirik ez duen ingenieritzako tresna bat balitz bezala. Eta hau Magisteritza Eskolan, hortik atera kontuak ze formazio duten gure ikasleek maisu-maistra egiten direnean.

Panorama honetan, moodle da unibertsitatean erantzun korporatibo gisa proposa dezakegun tresnarik aurreratuena. Jakina, irakasle batzuek euren kabuz erabiltzen dituzte blogak, wikiak eta google-ren tresnak, baina EHUk irakasleoi moodle erabiltzeko aukera eskaintzea bide korapilotsua eta arantzaz betea izan da (eta da), pentsa ze urrun gauden zuenetik! Beharbada zuen erakundeetan autonomia handiagoa duzue bestelako erabakiak hartzeko, baina gurean 4.500 irakasle eta 45.000 ikasle ari gara lanean (eta interes ekonomiko eta politikoak tarteko, zoritxarrez)

Gure borroka handiena -banator harira- izan da EHUk CMS bat proposatu zigula eta guk, gutxienez, LMS bat nahi genuela. CMS hori (eKasi deiturikoa) plone-n oinarrituta dago eta edukiak zintzilikatzeko arina da, baina egia esan horretarako baditugu kontsigna birtualak (kontxo, eta kopistegia). Behintzat, moodle-rekin nahi duenak foroak, txatak (ez oso onak baina tira!), wikiak (baleee, ez oso onak) eta bestelako lan kolaboratiboak egiteko aukera du EHUtik kanpoko aplikaziorik erabili gabe. Eta apunteak zintzilikatu nahi duenak ere, arazorik gabe egiten du tresna honekin. Guretzat ikasleak matrikulatzea ere lan zaila da, nik irakasgai batean 105 ikasle ditut; dena lotuta izatea korapilotsua da.

Bestela, guk taldean Joomla aukeratu dugu CMS gisa eta ondo dago modulu asko dituelako, batez ere edukien itzulpena kudeatzekoa, oso praktikoa benetan. Baina ez nau guztiz konbentzitzen eta Drupal-ek tentatzen nau, baina ingurua ikusita beharbada Wordpress hobea da. Zuen eztabaidetatik edaten dugu guk eta erne-erne segiko dugu (ixilik bada ere)

Erantzun honi

Eta oso itxura ona du. GUk zerbitzariarekin nahiko lan dugu momentuz eta erdi aparkatuta daukat gaia, baina jarrita dauzkat probarako wordpress eta joomla. Egia esan, alde batetik joomlak gehaigo konbentzitzen nau, aukera gehiago eskaintzen dizkidala uste dut, baina beste alde batetik edukiz hornitzeko wordpress askoz sinpleagoa da, batik bat batean eta bestean erabili ditudan tresna eleanitzak (wordpressen nahikoa da tag artean testua sartzea eta joomfish-ekin administrazio-panelera joan ezean ez dut asmatu erabiltzaile bezala logeatuta eduki eleanitzak sortzerik).

Bestalde, CSSak nire arantzatxoa dira eta ez dut nahi adina pertsonalizatzea lortzen (egia esan agenda da niretzat garrantzia duen beste puntu bat, eta batik bat agenden arteko sinkronizazioa, elkarreragileak izatea alegia).

Puff. Ikasturte luzea izango da.

Jokin, Ikasweb intranet bezala erabiltzen duzue?

Erantzun honi

Aupa Aitor

Hortxe dago koxka; konplexutasunak justifikazioa dauka erabilera errazten badu. Horixe da IKASWEBekin gertatzen ez zena. Ikastolako webgune berriarekin bigarren atalari eman diogu garrantzia. partaidetza bultzatu, eguneratutako gunea sortu, atari dinamikoa egin... Gure behar hauetara Wordpress da hobekien egokitzen dena une honetan.

IKASWEBn asuntoa Erromatarren inperioaren bilakaerarekin konpara daiteke. Webgunerik gabeko ikastola horietako bat ginen IKASWEB gurera etorri zenean. Ilusioz eta gogoz ekin genion edukien hornitzeari eta gunea apaintzeari. Ikastolako esparru guztietara zabaldu nahi izan genuen bere erabilera. Baina denborak aurrera egin duen heinean, tresnak muga asko dituela ikusi dugu (ez dakit akatsak dituela esatea ondo dagoen edo hobekuntzak behar dituela esatea egokiagoa den). Aspaldi hasi ginen hauen berri behar zen lekuan ematen baina tresnaren aurka egindako kritika guztiak heresiatzak hartzen zirenez, ixilik egotea erabaki genuen. Horrela IKASWEBen dekadentzia gure ikastolan geroz eta nabarmenagoa izan da. Une honetan hortxe daukagu hautsez pilatzen; baliabideak erreserbatzeko sistema, zerrendak eta tutoretza moduluak erabiltzen ditugu bakarrik baina laster hori ere ez. Google Apps-ek erreserbak egiteko primerako tresna dauka egutegiarekin integratua eta Google Sites-en bitarten zerrenden kontrola eramatea oso gauza erraza bihurtu da. Gauzak aldatzen ez badira gertu ikusten dut IKASWEBen amaiera ikastolako intranet moduan.

Orain pazientzia piska bat eta IKASYS eta IKASLITi heltzea tokatuko zaigu. Lehenengoarekin dagoeneko urduritzen hasita nago. Etxetik gure ikasleek ariketak egiteko aukera izango omen dute ikastolako zerbitzarira konektatuz. Zenbateko banda zabaleroa behar dugu gure ikastoletan zerbitzu hau eskaintzeko?

Erantzun honi

Ni ere urduritzen hasita nago, baina ez dut uste oso banda zabalera handia behar denik (etxean behintzat, ikastolakoa... dagoena dago).

Agian arrazoi duzu Wordpressenarekin. Kontua da CSSeta phprekin abilak ez garenok ia neurrira egoki datorkigun theme bat aukeratu behar dugula, eta zenbait plugin nire gustura jartzeko ere izan ditut zailtasunak. Joomlarekin animatuta nenbilen, baina baliteke kasu egitea, post eleanitzetarako duen erreztasunak txundituta utzi ninduen.

Zerrendei dagokienez nik ere saioak egin ditut, baina arazo abt dut. GOogle sites-eko orrian administratzaile ez badira ez dute zerrendan ezer txertatzerik, eta beldur naiz ez ote didaten tinglaua desmontatuko. BEstald3e, baliabideena ere probatu nahian ari naiz. Ba al dago baliabide bakoitzaren egutegia iksuterik? Momentuz Calendar Lizeoan serioski erabiltzen hasiz gero pozik nengoke, baina agian integratuta eskain dezaket, ez dakit.

Wordpress-i dagokionez, oker ez banago themea egokitu egin duzue, ezta? Asko aldatu al duzue hasierakotik? (Pantailako banaketa, esaterako). Ni theme jakin baten gainean ari naiz, baina zalantzak sortzen zaizkit, themea ongi aukeratu eta bere gainean eraikiko dugula erabakitzean soilik merezi baitu lana egiten hasteak.

Erantzun honi

Kaixo Aitor:

Arrazoia daukazu Joomlak gune eleanitza sortzeko eskaintzen duen erraztasunaren inguruan, baina nik beste alde ilunak ikusten dizkiot CMS horri. Adibidez, itxurazko zer edo zer topatzen duzun bakoitzean, "kaxatik" pasatu beharra dago, eta, konfigurazioari dagokionean, niri ikaragarri konplexua egiten zait. Gure asmoa, ikastolako ahalik eta jende gehien editore bihurtzea izanik, oso garbi daukat Joomla ezin dugula erabili.

Wordpress-ekin, aldiz, abantaila handia daukagu, izan ere, gure irakasleek formazioa jaso dute azken urteotan eta tresna horrekin "familiarizatuagoak" daude. Gu geu, Wordpress-ekin oso eroso sentitzen gara eta arazoei aurre egiteko ahalmen handiagoa izango dugulakoan gaude.

Une honetan dugun diseinuari ez pentsa aldaketa handiegirik egin diogunik, aukeratu genuen themea oso malgua baita eta guk koloreak besterik ez dizkiogu aldatu, oraingoz. Diseinu hori ezagutu nahi baduzu, hona hemen bere helbidea: http://themehybrid.com/themes/options

Erantzun honi

  • 1
  • 2

RSS

Honi buruz

jolaus jolaus creó esta red social en Ning.

¡Crea tu propia red social!

Ekitaldiak

Informazio kanala

Cargando fuente

© 2009   Creado por jolaus en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat