ZirIKTeroak

IKTero saltsero eta zirikateroen taldea

Nik, oraingoz, nahiko argi daukat: gaitasunak.

Gaztelaniazko, (edo katalanerazko-edo), capacidad/competencia bikotea euskaraz bere paraleloa beharrezkoa zuela ikusten dute batzuk nonbait eta hortik *konpetentzia sortu berri hori.

a) EHAAko itzultzaile profesionalek, gaitasun hitza erabiltzen dute behin eta berriz,

b) Euskaltzaindiak ez du bere zerrendan *konpetentzia hitza jaso... Beharrezkoa ez dugun neologismoa iruditu zaielakoan nago.

c) Euskalterm begiratzearekin, nik uste, nahikoa gaitasun hitza konplexurik gabe erabiltzen hasteko. (Sartu gaztelaniazko competencia eta ikusi bere euskarazko pareko guztiak: eskuduntza, konkurrentzia, gaitasuna, lehia...)

Irakaskuntza arloan *konpetentzia dela oraingoz nagusi? Garaiz gaude zuzentzen hasteko. Maila formalean bai behintzat.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Kaixo Gorka:

Xabier Garagorriren iritzia nik uste dut nahiko prestigio duela eta bera ere ez dator bat zuk diozunarekin:

"gaitasun eta ahalmenak eta konpetentziak elkarri lotuta daude, izan ere, konpetentea izateko gaitasunak izatea ezinbestekoa baita. Baina konpetentea izateko ez da nahikoa gaitasunak izatea, izan ere, gaitasunek aukera adierazten baitute, eta gaitasunak izateak ez baitu esan nahi egoki jardutea; konpetentziek, aldiz, egoki jardutea adierazten dute, probabilitate maila handi batekin (ez ziurtasuna). Halaber, ezagutzen, prozeduren, abilezien, trebetasunen, jarreren eta abarren eta konpetentzien artean erlazio bat badago, horiek guztiak konpetentziarako behar-beharrezko baliabideak baitira. Baina konpetenteak izateko ez dira nahikoa ezagutzak, edota abileziak, bakoitza bere aldetik eta bereizita; aitzitik, egoera eta testuinguru batean arazoak konpontzeko, modu bateratu eta koordinatuan erabiltzen jakitea eskatzen dute. Laburbilduz, konpetentziak gaitasun potentzialak direla esan daiteke (motorrak, kognitiboak, komunikatiboak, sozialak, afektiboak, ekintzailetza), eta hauek ikaskuntza-prozesuen bidez ahalmen erabilgarri bihurtuta (kontzeptuzko ezagutzak, prozedurazkoak, abileziak, trebetasunak, jarrerak, gaitasunei buruzkoak), modu bateratu eta koordinatuan aplikatzen dira zeregin bat testuinguru zehatz batean modu egokian betetzeko (estrategien erabilera)."

Jarri dizudan zati hau dokumentu zabal batetik atera dut. Izan ere, dokumentu horren lehen orrietan "Konpetentziak" hitza erabiltzearen arrazoiak azaltzen baititu. Dokumentu osoa ikusi nahi baduzu, erantsita jarri dut. (PDF 4,4 MB)
Eranskinak

Erantzun honi

Aupa Gorka

Ez dakit nik arazoa "capacidad/competencia" kontzeptuen inguruan egiten dugun itzulpen soilean dagoenik. Oker ez banago, Delors-ek 1996an UNESCOrako idatzitako informean ingelesezko "skill" hitza erabiltzen du konpetentzietaz aritzen denean. Elhuyar hiztegira nahiz Euskaltermera jotzen badugu bietan "trebetasun" hitza proposatzen zaigu. "Trebetasun", "gaitasun", "konpetentzia" edota, zergatik ez "ahalmen"; zeinekin geratzen gara?

Nik ulertzen ditudan moduan, erdarazko "capacidad" eta "competencia" ez dira erabat berdinak. Niretzat lehenengoak lotura sendoagoa du "jakitearekin", agian "ezagutzarekin"; bigarrena gehiago lotuko nuke nik "egitearekin", agian ezagutzaren aplikazio praktikoarekin. Lehenengoak ikasten diren bezala bigarrenak garatu egiten dira. Eta nik uste dut hortxe dagoela koxka; askori entzun diet gaur egun hainbeste entzuten diren gaitasunen inguruko kontu horiek ez direla berriak; aspalditik hitz egiten dela gaitasun kognitiboetaz, gaitasun emozionaletaz eta abar. Nire ustez hori baino haratago heldu nahi du konpetentzietan oinarritutako hezkuntza sistema berri honek.

Garagorriren hitzak hortik doazela ulertu nahiko nuke baina onartu beharrean nago, askotan nahiko konplexua egiten zaidala berak dioena ulertzen. Nik behintzat gauzak modu errazagoan aurkeztea eskertuko nioke.

Erantzun honi

Kaixo Mikel Etxarri eta Jolaus

Arretaz irakurri ditut zuen iruzkinak eta azaletik Xabier Garagorri eta Maria Galdeanoren idazlan-pdf hori.

Konpetentzia hitza erabiltzeko justifikatu beharrak berak zer pentsa eman beharko lieke bi egile horiei. Zergatik ez jo itzultzaile profesionalek Curriculum Berrian erakutsitako bidetik?

Nik ez dut beharrezkoa ez den neologismo horren beharrik ikusten, baina neure kontua ez da soilik. Guztiona baizik.

Chomskyren competence eta performance horien parekoak behar ditugula? Bada badauzkagu. Aspaldidanik.

Xabier Garagorriren autoritatea ez dut zalantzan ipiniko inondik inora. Baina "autoritatearen argudioa" neuk ere erabili dut, gorago. Nor da gure herrian autoritatea hiztegigintza kontuetan? Zertan da autoritate Xabier Garagorri jauna, didaktikan edo hiztegigintzan?

Erantzun honi

Arratsaldeon Gorka

Jarraitzen dut zurekin desadostasun puntu bat izaten. Zuk planteatzen duzun moduan hiztegigintzarekin lotura gordetzen duen arazo baten aurrean gaude, capacidad/competencia hitzen euskarazko itzulpena aspaldi zehaztuta dagoela diozu eta ulertzen dut, Curriculum Berrian agertzen den moduan, zuk gaitasun hitza proposatzen duzula bien parekoa bezala. Horrela da, ezta?

Nik ordea, ez ditut kontzeptu biak baliokideak bezala kontsideratzen. Bartzelonako Unibertsitateko Pedagogia Fakultateko irakaslea den Joan Mateok duela urte pare bat idatzitako "Más allá de la medición y la evaluación educativa" liburuan ondorengo kontzeptuak ezberdintzen zituen:

" Cuando alcanzamos la comprensión de un saber desde su lógica interna, la que permite seguir profundizando en su construcción y desarrollo, decimos que hemos alcanzado el dominio o adquisición de un conocimiento. Cuando relacionamos este conocimiento concreto con un contexto de realidad y ampliamos nuestro campo cognoscitivo entendiendo e interpretando el conocimiento en función de la realidad con la que se relaciona, nos hallamos frente a una capacidad.

Cuando esta capacidad se manifiesta y permite la aplicación del conocimiento sobre una realidad específica para su transformación, estamos situados en el dominio de las habilidades.

Cuando una realidad compleja exige seleccionar entre el universo de conocimientos, capacidades y habilidades relacionadas con dicha realidad, aquellas que se requieren para su comprensión y transformación nos encontremos frente a una competencia. Su desarrollo en la persona exige no tan sólo capacidad de gestión global de las mismas sino también un cierto grado de conjunción con determinadas actitudes y valores personales."

Nik eskertuko nuke hiztegigintzan autoritatea den norbaitek argituko balit ba ote daukagun euskaraz lau kontzeptu hauen parekorik, izan ere, niretzat lauak desberdinak dira eta zuk diozunaren arabera bat hankamotz geratzen zait.

Erantzun honi

_______________Jolaus, oso testu egokia aukeratu duzu itzultzaileei erronka botatzeko. Ni neu ez naiz ofizio horretakoa baina guztioi bezala, noiz edo noiz itzulpenen bat egitea egokitu zaigu.

Hiztegiak.net eta euskalbar lagun, honelaxe itzuliko nituzke:

1. jakintza (edo ezagutza)
2. ahalmena
3. trebetasuna (edo abiliezia)
4. gaitasuna

*konpetentzia, eta hau da hasieran bota nuenaren mamia, ez da ene hiztegietan agertzen.

Erantzun honi

_________Gogoratzen duzue "esne desnatatuaren sindromea"?

Ibon Sarasola, Euskara batuaren ajeak, 1997, Alberdania (78. or.)

Erantzun honi

Kaixo Gorka:

Nik uste dut hizkuntz eztabaida hau antzua dela. Nire ustez, gai honen atzean dagoen mamiak arlo pedagogikoan du benetako garrantzia eta hortxe zentratu beharko ginatekeela pentsatzen dut.

Ikastetxe eredua, hauen antolaketa, ikasmaterialak, testu-liburuak, metodologiak, irakasleon eginkizuna.... izan beharko lukete hezkuntza komunitatearen eztabaidagai eta ez hitz baten gorabeherak.

Hiztegiek ez dute dena jasotzen, horregatik, euren edukia tarteka eguneratu behar izaten dute eta jendeak erabiltzen dituen hitzak jaso behar izaten dituzte. Hori hizkuntza guztietan gertatzen den zerbait izanik, ez dut ulertzen horrelako kezka "konpetentzia" hitzarengatik. Ziur naiz, bere erabilera orokortzen bada, Euskaltzaindiak bere hiztegian jasoko duela. Hori bai, eztabaida honekin "denbora alferrik galtzen" uzten badugu, gure ikastetxeak, metodologiak... non geldituko zaizkigu? Niri, azken horiek gehiago interesatzen zaizkit.

Amaitzeko, kontzeptu hori adierazteko, irakaskuntzaren inguruan diharduten erakunde hauek topatu ditut "KONPETENTZIA" hitza erabiltzen dutenak : Euskal Curriculuma, Ikastolen Elkartea, Kristau Eskolak, Sortzen Ikasbatuaz, Eskola Publikoaren Guraso Elkarteak, MCC, Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Wikipedia...

Beharrezkoa ez den neologismo bat izateko, jende askok berea egin du hitz hori, ez?

Erantzun honi

Ezin dizut ukatu harrituta utzi nauzula bigarren lerroan ahalmen hitza proposatzen duzula ikusi dudanean "capacidad"-en ordezkoa bezala. Egia esan zure tesia defendatzeko ez zaizu beste irtenbiderik geratu, izan ere, Elhuyar hiztegiak "competencia"-ren ordezko bezala gaitasuna proposatzen badu, "capacidad"-erako proposatzen dituen bien artean ahalmen aukeratzea besterik ez zaizu geratu, bigarren aukera bezala gaitasun hitza proposatzen baita berriro.

Tira Gorka, ezin da hiztegiek bueltatzen diguten edozein hitz proposatu beste baten itzulpen bezala kontutan hartu gabe hau erabiltzen den testuingurua eta honekin adierazi nahi den kontzeptuaren esanahiari erreparatu gabe. Euskalterm-era jotzen baduzu konturatuko zara "capacidad"-erako bueltatzen dituen 151 terminoetatik, Hezkuntza edo psikologiari lotutako guztietan gaitasun hitza proposatzen dela egokiena bezala. Beste arloetarako berriz (ekonomia, fisika...) ahalmen hitza hobesten da. Gauza bera egiaztatu daiteke Hiztegia 3000ra jotzen badugu. Elhuyar hiztegiak berak proposatzen dituen bi adibideetan, ikustea besterik ez dago zein testuinguruan erabiltzen duen ahalmen eta zeinetan gaitasun; adibide garbiagorik ez dago. Modu berean, proposa zenezake eskumen "competencia"-ren ordezko moduan, baina hemen ere konturatuko zara hezkuntzari lotutako termino edo lokuzioetan gaitasun proposatzen dela, bai Euskalterm-en baita Elhuyar eta Hiztegia 3000n.

Ez dut zure ikuspuntuarekin bat egiten Gorka; ez duzu hitz berrien beharrik ikusten gure hizkuntzak badituelako ordezkoak bientzat. Baina arazoa da hiztegiek hitz bera proposatzen digutela, hezkuntzari lotutako lokuzioetan behintzat (niretzat garrantzitsua da ñabardura hau), esanahi desberdina duten bi kontzeptuentzat. Beste hizkuntzetan izen ezberdinez ezagutzen diren bezala gurean, berriz, hitz bera erabiltzea proposatzea zaigu bientzat. Hementxe uste dut dagoela aipatzen duzun "esne desnatatuaren sindromea"-rekiko desberdintasun nagusiena.

Erantzun honi

__________Adi irakurri ditut zuen iruzkinak, eta bat nator zurekin, Mikel, eztabaida hau nahiko antzua iruditzen zait niri ere.

Edo antzua baino gehiago, axalekoa. Hitzen azaleko itxurarekin kezkatu beharrean, azpian dagoen eduki-mamiarekin kexkatu beharko genuke, zuk diozun legez; ez esnegainarekin, esnearekin baizik.

Badakit nik ere *konpetentzia hitza oso hedatua dagoela eta bat nator zu(r)ekin. Gustatu edo ez, Euskaltzaindiak onartu egin beharko du egunen batean, erabat orokorra bihurtuz gero.

Nik dena den, oraingoz, jarraituko dut beti gaitasun hitz polisemikoa erabiltzen eta behar izanez gero ahalmen edo beste baten beharra ikusten badut, bada lasai erabiliko dut.

Beste eremu semantiko batetik hitzak inportatzea beste hizkuntzetatik inportatzea bezain zilegi iruditzen zait niri.

Nigatik edo ni bezalako beste batzuengatik ez dute Euskaltzaindiakoek *konpetentzia hitza hiztegiratzeko beharrik izango. Zuek bezalako beste askoren ikuspegia nagusitzen bada, hitza geureganatuko dugu eta neuk ere lasai erabiliko dut balizko egunen batean.

Oraingoz ez baina.

Bukatzeko bi ohar.

1. Konturatu zarete competencia hitza gazteleraz ere zein polisemikoa den?

2. Esaterako performance hitz ingelesaren azpian dagoen mamia ze gaizki islatzen da gazteleraz. Gazteleraz ere performance bere horretan erabiltzea proposatzen duten askok, baina neologismoek, hasieran, nahiko itxura xelebrea izaten dute. Gero, ohitu orduko, arrunt bilakatzen dira eta inork ez du neologismoak direla gogoratzen. Zaharlogismo bihurtu dira, hitz arrunt.

Beharbada *konpetentzia hitzarekin gertatuko da edo gertatu da dagoeneko.

Agur t'erdi. Eta esker mila egindako iruzkinengatik.

Erantzun honi

Kaixo berriro ere Gorka

90. hamarkadaren lehenengo bosturtekoaren ondoren sartu nintzen ni lanera gure ikastolan. Lanpostua lortu nuen LOGSE legeak ekarri zituen hainbat berrikuntza sakonen ondorioz. Aldaketa nagusienetako bat derrigorrezko eskolaratzea hamasei urte bitartera arte luzatzea izan zen eta horri esker izan nuen nik DBHn klase emateko aukera. Beste aldaketa sakon bat pedagogia mailan eman zen; zoritxarrez honen guztiaren inguruan egon zen eztabaida eta nire lankideek jaso zuten formazioa galdu egin nuen. Baina gaur, garai hura bizi izan zuen irakasle batekin aritu naiz solasean. Irakasle honek gogoan zituen, garai hartan, Monterorekin izandako formazio saioak, gogoratzen zuen, orduan ere gaitasunetaz hitz eta eztabaidatzen zela; gaitasunetan oinarritutako hezkuntza ereduari mila buelta eman omen zioten orduan ere.

Ez dira hogei urte pasa harrez gero eta gauzak aldatu egin direla garbi dago. Beste fase batean gaude sartuta orain; garai hartako gaitasunen inguruko eztabaida gaindituta dagoela iruditzen zait. Gaur egungo eskolak ikuspegi berria behar du pedagogia mailan; horregatik gaitasun hitza erabiltzea ez zait egokia iruditzen. Ez dakit konpetentzia hitza egokiena den adierazi nahi dena azaltzeko edo beste bat erabili beharko den baina gaitasun hitza albo batean utziko nuke.

Arrazoia duzu "competencia" inguruan eztabaida handia egon dela gazteleraz ere. Terminoaren egokitasunaz asko idatzi da baita konpetentziak ikasi ala garatu egiten diren ere. Edozein modutara ere, bat nator zurekin, eztabaida hauek axalekoak direla diozunean. Baina axaleko eztabaidetatik ere asko ikasten da; niri behintzat kontzeptuak errepasatu eta finkatzeko balio izan zait, hiztegiak kontzeptu hauei ematen dieten trataera ezagutzeko... eta Ibon Sarasolak "esne desnatatuaren sindromea"ri buruz esandakoak ezagutzeko ;-)

Horrelako eztabaidak axalekoak izanda ere, gurea bezalako gune hau bizirik mantentzeko behintzat baliagarriak izaten dira. Horrexegatik bada ere, eskerrak eman nahi dizkizut txoko hau aukeratzeagatik.

Erantzun honi

RSS

Honi buruz

jolaus jolaus creó esta red social en Ning.

Ekitaldiak

© 2009   Creado por jolaus en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat